2018/03/21

Derioko udaleko 2018rako aurrekontua indarrean sartu da gaur

• Udal Gobernua pozik agertu da, kontuen onarpenak egonkortasun ekonomikoa eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituelako Derion.

• Aurtengo aurrekontua 7,5 milioi eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuz %5,13ko gorakada suposatzen du.

-



2018rako Derioko Udalaren aurrekontua indarrean sartu da gaur, atzo, astelehena, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Udal derioztarrak aurrekontua estreinatzen du, osoko bilkuran onartutako hasierako proiektuaren kontra ez baita arrazoibiderik aurkeztu; hortaz aurreikusitako epeak bete ondoren, udal kudeaketarako tresna garrantzitsu hau jada indarrean dago.

2018rako aurrekontua joan den otsailaren 6ko osoko bilkuran onartu zen gobernu taldeko EAJ-PNV alderdiko aldeko sei botoekin, PSE-EE alderdikoen hiru boto positiboekin eta EH Bilduko lau ordezkarien abstentzioarekin.

Derioko Udalak hirugarren urtez jarraian onartzen ditu aurrekontuak, hala 2018ko jarduerari begira, 7,5 milioi euroko aurrekontu berria du. Onartutako azken aurrekontuarekin alderatuz 400.00 euro gehiago izango ditu Udalak, hau da, %5,13 ko gorakada dute gaur indarrean sartutako kontuek.

Udal Gobernua pozik agertu da behin betiko onarpenaren eta kontu berriak indarrean jarri ondoren. Esther Apraizek EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien artean dagoen Gobernagarritasunerako Akordioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, Deriori egonkortasun ekonomikoa ematen jarraitzen baitio eta Udalak egungo legealdirako ezarritako helburuak bete ahal izatea ahalbidetzen baitu. Akordio honen emaitza, Unbe kaleko eraberritzea onartu eta hastea edo Nagusien Etxeari buruzko azterlana egitea dira aurtengo ekitaldian abian jarriko diren ekimenetariko batzuk.

Gobernu taldetik, aurrekontu hauen lehentasunak ekonomiaren garapena eta kultur eta gizarte politikak direla adierazten dute. “Aurrekontu berri hauek, ekonomia suspertzen lagunduko dute eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu ahal izango dira. Kontu onak dira derioztarrentzat, udalerri gisa aurrera egiten lagunduko baitigute, bidean inor utzi gabe” diote. Bestalde, Esther Apraiz alkatearen esanetan “2017an zehar bizilagunen hainbat proposamen jaso ditugu, guztiak baloratu dira eta horietako asko, presente daude aurrekontu hauetan. Gutxi batzuk, balorazio fasean aurkitzen dira”. Aurrekontuen negoziazio prozesua, une oro, udala osatzen duten alderdi politiko guztientzako zabalik egon dela adierazi dute Gobernu taldetik. Honen adibide dira besteak beste, EH Bildurekin erdietsitako akordioak. Alde batetik, Derio eta Loiu lotzen dituen errepidea galtzadatzeko konpromisoa eta bestetik, Amankomunazgoari eskualde mailan musika eskola bat eraikitzeko aukera ikertzea eskatzea.

Zentzu honetan, Udal Gobernuko kideek berretsi egin dute hitz egiteko eta negoziatzeko konpromisoa, eta baieztatu dute ateek irekita jarraituko dutela talde guztientzat, ongizate-egoera sendotzeko eta Derio eraikitzen jarraitzeko.


2018ko aurrekontua zenbakitan


Kapituluka:

· I. kapitulua: 1.888.413 €

· II. kapitulua: 2.567.340 €

· IV kapitulua: 2.687.599 €

· VI. kapitulua: 287.000 €

· VII. kapitulua: 919 €

· VII. kapituluaI: 25.000 €


Aurrekontu osoa: 7.495.160 €

2018rako dirulaguntzak eta hitzarmenak: 2.687.518 €


Sailka:

· Ogasun eta Aurrekontuen Saila: 280.866 €

· Giza-baliabideen Kudeaketa eta Antolakuntza Saila: 1.771.695 €

· Hirigintza, Etxebizitza, Ingurumena eta Obrak eta Zerbitzuen Saila: 2.437.648 €-

· Gardentasuna, Partehartzea eta Arreta Saila: 132.736 €

· Kirol Saila: 592.575 €

· Kultura eta Euskara Saila: 1.212.590 €

· Hezkuntza, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoaren Saila: 441.983 €

· Gazte eta Jaien Saila: 235.970 €


Erakunde autonomoak:

· Derioko Udal Kiroldegia (D.U.K.): 997.692 € (527.000 € diru-sarrera propioak dira, (bazkideak) eta 470.692 € Derioko Udalaren ekarpena)



Atzera